68.2017/10

Fanzine opaco que vibra

Poema bat idazteko ideien zerrenda

Sudurra da, hil ostean, pailazoari usteltzen ez zaion gorputz atal bakarra.
Hiria. Edozein hiri.
Argazki album zaharrak bigarren eskuko azoketan.
Aktore bat hiltzen den bakoitzean ehortzi behar lirateke haren pertsonaiak.
Pertsona bat desagertu orduko idatzi bazterrean utzitako bizitza posibleen biografiak.
Lorontzi bero bat.
Eskua zakilean pausatu eta begietara so egin zidan. Alua laztandu nion, arreta handiz. Ez genion elkarri ezer esan.
Zenbat bizitza sartzen da poema batean?
Hautsa etxeko liburuetan. Erraustutako zenbat lagunen arrastoa ekarri du ote haizeak bertara.
Janari usaia kalean, iluntzean.
Ihes egin gabe, helmugarik gabe korri egiten duen jendea gorri bidean.
Izerdien katalogoa.
Bizitza ospatzea, mendeku posible bakarra.
Srebrenica, tortura, indigena bortxatuak,
milaka Titanic beltz hondoratuak.
Poesia, historiarik gabeko memoria.
Gaurko titularra: atzo izan zen.
Laguntasunaren zain den bakardade aukeratua.
Izan ez naizenaren aztarnategia.
Bolañoren kanpina.
Kantorren manikia.
Mullerren insistentzia.
Komuna garbitzeko musika.
Pertsona maitatuen orbainak.
Idatz daitezke besteen poemak?
Jada ez dago harresien beharrik,
norbera izan daitekeelako horma.
Dutxako ile galduak.
Beldurra.
Burmuina hondoraturik duen bisitaria.
Isiltasunaren alfabetoa.
Minbizia.
Bularrik gabeko emakumea.
Euria aipatu gabe euria deskribatzeko ezintasuna.
Nagoen lekuan beste bat izan.
Jendea izan.
Norberaren gezurrak sinestearen arriskua.
Zerbait ospatzeko beharra, ez dut oroitzen zer.
Handiegiak diren oheak.
Liburu bat idazten amaitzen ari naizen aldiro, heriotzaren beldur izan.
Manifestu mutua.
Bizkarrik gabeko konkorra.
Ahotsik gabeko koroa.
Neu, fikzioa.
Ohearen bazterrean bilatuz,
haizearen izerdi tantak.
Abuztua nire azalean.

Pages